XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dena zegoen bakean eta entzuten zen zarata bakarra bidean gurpilek egiten zutena eta zaldien hankena zen.

Eta, zer? Beti ote da itxura egiaren seinalea?

Ez ote da otsoa inoiz ardi larruz jantzi, norbait enganiatzeko?

Ez ote du inoiz tiranuak esan herriaren zerbitzuan dagoela?

Ez ote du inoiz itsasoak ekaitza ezkutatu itsasgizonak hobe harrapatzeko?

Ez ote zaio saguari gazta erakusten gero hiltzeko?

Zer ote zegoen bake itxurako paisaia paradisutar horren barnean?

Nolako pasioak eta gorrotoak ezkutatzen ziren baso haien atzean?

Noren begiak ziren haitz haien gailurretatik espiatzen ari zirenak?

Begi horiek, zertaz zeuden beteak, maitasunez ala gorrotoz?

Diligentzia, bere bidean, Bizkaia utzi eta Gipuzkoan sartu zen.

Bidaiariek arretaz aztertu zuten paisaia.

Lehenago karlisten taldekoek, eta gero Durango inguruko ostatukoek esan zietenez, han hasiko ziren, inoiz hastekotan, arriskuak, baina zirudienez Bizkaian zehar ikusitako bake berbera nabaritzen zen Gipuzkoan ere.

Azkoiti pasatu zuten inolako buruhausterik gabe.

Herriko kaleetan lehenengo soldadu kristinoak ikusi zituzten, baina ez inolako burrukarik.

Urretxu eta Zumarraga ere bakean iragan zituzten.

Kotxezainak bide luzeago hau aukeratu zuen, zuzenean Azpeititik hartu gabe, Azkoitin lortutako informazioen arabera hobeago zela horrela egitea erabaki zuelako.

Ordiziaren inguruetan atsedenaldi laburra egin eta jarraian Tolosarantz abiatu ziren, han bazkaltzeko asmotan eta zaldien aldaketa egiteko.